XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

SALTSA-PERRETXIKUAK
MOERS, ALEMANIA FEDERAL. ABUZTUAK 24. AZOKA EGUNA. SALTSA PERRETXIKOAK...

Kaleko saltsa-perretxikoak eta salda muturrak txoritan utzirik, goiz-goizeko ibil-aldian, ametsetan, lora-artean, erriko parke nagusian nintzala, beti ere polliki-polliki, beti ere ene ametsari jarraituz nintzala, orduan lorak ez zapaltzearren ximeleta izan nai nuan aske-aske loren gainean egan ibilteko, alako batean, belar berdean exerita, Fagus Selbatikus arro baten kerizpean, pagoaren itzaila sorginkeriz puzkatuz, neskatil bat ikusi aal izan nuan.

Ala Jainko ona!!!.

Erriko eskila, torre luzean, goiza amarrak jotzen ari zan.

Din, dan! Din, dan! Amar oiu garratzek, ene ametsa urratu nai izan zuten parkean goiz aretan.

Bainan ezin.

Eziña kanpa-torreko eskila zaarrentzat ene ametsa urratzea, apurtzea.

Goiz orretan, ene Jainkoa! bakarrik, pagopeko neskatilak urratu zitekean, apurtu zitekean, lapurtu zitekean ene amets ura.

Goiz aretan, ene ametsarekiñ bakardadean, ene munduan, ene mundutik gizonak oro, aar-emeak oro, kenduta, botata, madarikatuta, Moersko parke aundi ederrean, maitasuna askatasunez egiten naturaren indarrez, usoak ikus nai nituan zuaitzetan, atak ikus nai nituan uretan, putzu ertzean, iturripean.

Zuaizpetan xoxoak, birigarroak ikus nai nituan amodioz, lasaiki, eskopeten bildurrik gabe, sasia, izkutua billatzeke, amodiotan sexualitatean.